2021eko udaberrian, Viladecandesen elkarlanerako auzo konpostaje proiektu bat ezarri zuten. Bartzelonako metropoli-eremuan esperientzia aitzindaria da; izan ere, auzo konpostaje guneak hiriguneetan kokatu dira eta gainera, osagai sozial eta partehartzaile handia du. Auzo konpostaren bidez komunitatea sortzeko esperientzia berri bat da, oraingoan erabat hiritarra den ingurune batean.
Viladecans, Bartzelonatik kilometro gutxira dagoen 68 mila biztanleko herria da.
Proposamena, hiri eta gizarte ezaugarri oso desberdinak dituzten 2 auzotan garatzen da. Sant Jordi auzoa eraikin altu multzo trinko batez osatuta dago, 292 etxebizitza eta 790 biztanlerekin, udalerriko populazio dentsitate handieneko guneetako bat delarik, 206hab./ha. Mas Ratés, ordea, auzoak hiri-egitura zabalagoa du, eraikin baxuagoekin eta berdegune gehiagorekin; 801 etxebizitza eta 2.317 biztanlerekin, 162hab./ha-ko dentsitatea du.
Auzo Konpostaje eremuen osaera
Gune bakoitzean hiru konpostagailu instalatu dira, bat materialaz betetzeko eta beste bi materiala heltzeko, horretaz gain material egituratzailea biltzeko kaxoi bat ere instalatu da. Konpostagailu guztiak itxita daude. Proiektuan borondatez parte hartzen duten erabiltzaileei, materialaz bete behar den konpostagailura sartu ahal izateko giltza bat eman zaie. Mantentze-lanak egiten dituzten erakundeek eta erabiltzaileek heltze-konpostagailuetara eta tresnak dauden tokira sartzeko giltza ere badute.
Prozesuaren prestakuntza eta jarraipena da gakoa
Proiektu hauek ongi garatu ahal izateko, pertsonak funtsezkoak dira. Erabiltzaileek eta maisu konpostatzaileek, konpostajearen funtzionamendua bermatzen baitute. Lehenengoak ekarpen egokiak eginez; bigarrenak aldiz, kontrola eta mantentze-lanak eginez.
Erabiltzaileak lankidetzan
Bi proiektuetan hiritarrek eta erakunde sozial eta sanitarioek parte hartzen dute.
Gaur egun, Sant Jordi inguruan 10 familia konpostatzaile eta mantenimendua egiten duten hiru erakunde daude; Mas Ratésen, berriz, 14 familia konpostatzaile eta mantenimendua egiten duen erakunde bat. Zehazki, Sant Jordi auzoko konpostaje guneen jarraipen eta mantentze lanetan Cau Garbí, el Centre Obert del Grup Sant Jordi, el Esplai Llumvi eta Sant Jordi Auzoko Elkarteak parte hartzen dute. Mas Ratés auzoan aldiz, zeregin horiek Servei de Rehabilitació Comunitària del Parc Sanitari de Sant Joan de Déu delakoarekin lotura duten pertsonek garatzen dituzte.
Formakuntza, oinarria
Erabiltzaileek eta maisu konposatzaileek, konpostajearen oinarrizko kontzeptuak barneratzeko eta mantentze-lanak egin ahal izateko, Vermicaneko teknikarien prestakuntza praktikoa jaso dute.
Jarraipena
Vermicanek prozesuan zehar, aurrez aurreko bisiten eta harreman telematikoen bitartez jarraipena eginez, zalantzak argitzeko behar den aholkularitza ere ematen du. Horretarako, erabiltzaileekin, konpost-maisuekin eta udal-arduradunekin Whatsapp talde bat sortu da.
Konpostaje gune bakoitzera astean bitan bisitak egiten dira. Bisita hauetan konpostaje prozesua egoera onean mantentzen da eta maisu konpostatzaileek, konpostaje prozesuaren parametro esanguratsuekin (tenperatura, hezetasuna, trinkotasuna, bolumena, e.a.) inprimaki bat betetzen dute. Vermicanek hilero, bisitetan jasotako datuekin, txosten eta prozesuaren laburpena egiten du.
Konpostajearen bidez komunitatea sortzen
Auzo konpostajeak komunitatea sortzeko eskaintzen duen aukera aprobetxatuz, familiak eta auzoko erakundeak batu dira; izan ere, honekin inplikazio handiagoa lortzen da, erantzunkidetasuna sustatzen da eta konpostaje jardueraren inguruan komunitatea sortzen da. Prozesu natural bat ezagutarazteko, ekonomia zirkularra sustatzeko, hurbileko bizitzarako aukerak erakusteko eta hiritarrak komunitatearentzako zerbitzu baten protagonista bihurtzeko modua ere bada.
Uztailean, konpostaje-pila iraultzeko unea aprobetxatuz, esperientzian partekatzeko eta komunitate-sentimendua sustatzeko, proiektuan parte hartzen duten guztiak elkartzeko jardunaldi bat egin da.
Lortutako emaitzak
Mas Ratés auzoan konpostagailua martxan jarri eta hilabete eta erdira, materia organikoa lehen konpostagailutik bigarrenera aldatu da. Denbora horretan zehar, prozesuak lortutako tenperatura 47 eta 60°C artekoa izan da, eta urrian edo azaroan konposta aterako da.
Sant Jordi auzoan ekarpen aldakorragoak egin dira, horregatik, konpostatze prozesua motelagoa izaten ari da.
Konpost heldua jaiegun batean aterako da. Egun horretan, egindako lana partekatzeko eta familia berriak esperientzian parte hartzera animatzeko asmoz, parte hartzaile, erabiltzaile eta maisu konpostatzaile guztiak gonbidatuko dira. Gainera, Vermicaneko hezitzaileek haurrentzako jarduera bat egingo dute. Nahi bezain beste familia eta erakundeek, beren loreontzi, baratze edo lorategietan erabiltzeko, konposta eduki ahal izango dute.
Funtzionamendu egokiaren gakoak
Proiektuaren funtzionamendu egokia bermatzen duten gako batzuk aipa daitezke:
- Erabiltzaileen eta erakundeen inplikazioa. Erabiltzaileak borondatekoak izateak funtzionamendu ona errazten du, eta desegokiak eta bestelako gorabeherak gutxitzen ditu. Erantzunkidetasunak jardunbide egokiak sustatzen ditu. Konpostaje gunetik gertu dauden erakundeek mantentze-lanetarako parte hartzen dutenez, bisita gehiago egin ditzakete eta ondorioz, informazio gehiago eduki daiteke.
- Komunitatea sortzea. Aurreko puntuari lotuta, parte-hartzaile guztien artean komunitate-sentimendua sortzeko asmoa dago. Helburu berdina lortzeko lan egiteak prozesuaren arrakasta errazten du.
- Prestakuntza eta aholkularitza. Vermicanen jarraipenak irauten duen hilabeteetan, helburu nagusia parte hartzen duten pertsona eta erakunde guztiengan autonomia sortzea da. Horrela, konpostajearen inguruan hezteko leku bat sortuko da eta konpostagailuen sarea zabaldu ahal izango da.
- Prozesuaren kontrola. Bisita bakoitzean, jarraipen ona egiteko eta edozein gorabehera zuzentzeko, parametro garrantzitsu guztiak idaztea funtsezkoa da. Horregatik, proiektuaren arrakastaren tresna nagusia formularioa da.
Etorkizuna duen proiektua
Viladecansen auzo konpostaren helburuetako bat hiriko hondakin organikoak, prebentzioa eta naturan oinarritutako irtenbide batekin, kudeatzearen bideragarritasunaren adibide izatea da.
Hiritar aktiboen mugimenduen bidez, Top-down eta bottom-up estrategia konbinatu batean oinarrituz egituratzen da.
Ingurumenari dagokionez, ekonomia zirkularrera, hurbileko kontsumora eta berotegi-efektuko gasen emisioak murriztera bideratutako proiektua da.
Maila sozialean, auzo konpostajeak komunitatea sortzen du, harreman sozialak sendotzen ditu eta partaidetza eta lankidetza prozesu batekin pertsonak ahalduntzen ditu. Horren guztiaren helburua, auzoetako lanaren mikro-maila eta hiriaren planifikazio makro-maila uztartuz, herritartasun aktiboa eta “mosaikoko gobernantza” sustatzea da.
Auzo konpostak aukera bat eskaintzen digu eta erronka bat markatzen digu. Horretan lan egiteko, arriskuari aurre egiteko indarra eta huts egiteko eta bidean ikasteko borondatea baino ez da behar.