Hondakinik onena sortzen ez dena dela diote.
Helburu horrekin, Vermicanek Urola Kostako eskualdean (Gipuzkoa) hondakinen sorkuntza prebenitzeko sentsibilizazio kanpaina bat diseinatu eta ezarri du. Eskualdeak Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia udalerriak barneratzen ditu, guztira 43 mila biztanle baino gehiago dituelarik.
Proiektu hau 2023ko irailetik 2024ko ekainera bitartean garatzen ari da, eta kolektibo ezberdinak hondakinen sorrera prebenitzearen eta murriztearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu. Horrela, kanpaina burutzen den bitarteko hilabeteetan hainbat ekintza egingo dira kalean, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua bultzatzeko.
Publiko desberdinak, estrategia desberdinak
1. Administrazio publikoa: eredugarria izan behar duen erakundea, eskura dauden baliabideak arduraz erabiliz eta hondakinak behar bezala kudeatuz, baita erosketa eta kontratazio publikoan irizpide jasangarriak barneratuz ere.
2. Ikastetxeak: haurrak dira hondakin gutxiago sortzeko ohiturak hartzeko preskriptorerik onenak.
3. Herritarrak: egunero hondakin ugari sortzen duen publikoa, maiz daukan eraginaz ez jabetu edota egoera hau nola saihestu ez dakiena.
Zazpi kanpaina hondakin gutxiago sortzeko
Proiektuaren barruan, zazpi kanpaina jarri dira martxan, bakoitza hondakinen sorrerarekin lotutako gai bati buruzkoa:
1. Elikagaien xahuketa murriztea
2. Administrazioan paperaren erabilera prebenitzea eta murriztea
3. Erabilera bakarreko ontzien erabilera murriztea
4. Eskualdean ospatzen diren ekitaldiak jasangarriagoak egitea
5. 2023-2024 ikasturteko Eskolako Agenda 2030 garatzea
6. Ikastetxeetan ekonomia zirkularra sustatzea 3R-en eta konpostajearen bidez
7. Hondakinak jatorrian bereizteari buruz sentsibilizatzea eta informatzea
Elikagaien xahukea geldiaraztea eta frakzio organikoa ulertzea
Gure zabor poltsetan frakzio organikoa astunena dela kontuan hartuta, kanpainaren helburuetako bat elikagaien xahuketa murriztea eta hondakin organikoen sorrera geldiaraztea da. Gainera, frakzio organikoak, udal hondakinak bereizteko sisteman ezarri den azkenak, oraindik ere zalantzak sortzen ditu herritarren artean.
Hondakin gutxiago sortzeko, hainbat eragilerekin elkarlanean ekintza zehatzak egin dira. Alde batetik, ikastetxeetan lan egin da, tailerrak eginez baita jantokietan dinamikak burutzen ere, elikagaiak alferrik galtzearen arazoa ikusarazteko.
Bestalde, herritarrei zuzendutako hitzaldiak egin dira, eta, azkenik, eskualdeko hainbat sortzaile handi bisitatu dira, bakoitzaren egoera aztertu eta hobetu daitezkeen eremuak identifikatzeko.
Administrazioan erabiltzen den papera murriztea
Urola Kosta 5 udalez osatutako udal elkartea da. Horiek guztiek urtean paper hondakin kantitate handiak sortzen dituzte. Horregatik, kanpaina honekin honako bi arloak landu dira: sortutako hondakinaren tipologia eta kantitatea aztertzea eta langile publikoak kontzientziatzea.
Testuinguru horretan, eraikin publikoetan ingurumen ikuskapenak burutu dira, eraikin bakoitzak paperaren erabileran eta kudeaketan duen egoera ebaluatzeko, baita beste hondakin batzuen egoera ere, ontziak edo materia organikoarena, esate baterako. Ikuskaritzak instalazio publikoetako ur- eta energia-kontsumoa aztertzeko eta langileen sentsibilizazio maila ebaluatzeko ere erabili dira.
Era berean, jardunbide egokien eskuliburu bat garatu da udal bulegoetako langileei paper hondakinak murrizteko dauden arazoen eta aukeren berri emateko.
Erabilera bakarreko ontziak murriztea
Ontzi arinen frakzioak gure zaborretan bolumen handiena sortzen du. Izan ere, frakzio horren osagai nagusia erabilera bakarreko ontziak dira. Frakzio hori murriztearen eta alternatibak eskaintzearen garrantziaz kontzientziatzeko, informazio puntuak ezarri dira jende asko ibiltzen den leku eta sorkuntza guneetan, hala nola supermerkatu eta merkatal guneetan.
Puntu horietan, hondakinen kudeaketan aditua den pertsona batek erabilera bakarreko ontziak birziklatzeak eta birsortzeak aurkezten dituen zailtasunak azaltzen ditu, baita zer ingurumen-arazo sortzen dituzten ere. Gainera, ontzi hauek saihesteko beste aukera batzuk ere badaudela azalduko du, hala nola botila berrerabilgarriak, oihalezko bilgarriak ogitartekoentzat, erabilera bakarreko banbu koilarak…
Ekitaldi jasangarriagoak
Udalerri guztietan antolatzen eta ospatzen dira hondakin asko sortzen dituzten eta energia kontsumo altua duten ekitaldiak.
Arazo horri aurre egiteko, Vermicanek hainbat ekitaldi antolatzen dituzten arduradunei beren esperientzia eskaini die, antolatutako ekitaldiek ingurumenean eta ekonomian duten eragina murrizteko. Horretarako, Vermicanek puntu informatiboak jarriko ditu eskualdeko bost ekitaldi ezberdinetan, bat udalerri bakoitzeko. Bertan, sortutako inpaktuen berri emango die antolatzaile eta bisitariei, baita horiek prebenitzeko edo murrizteko aukeren berri ere.
Aipatu daitezkeen aukeretako batzuk honako hauek dira: edalontzi berrerabilgarriak banatu eta sustatzea, mugikortasun iraunkorreko plan bat ezartzea edo gunera sartzeko tiketa elektronikoen sistema bat erabiltzea.
2030eko Eskolako Agenda ikasgeletan
2030eko Eskolako Agenda hezkuntza komunitatean ingurumen ezagutza eta sentsibilizazioa lantzeko tresna bat da. Programa honen helburua gaitasunak eta ezagutzak garatzea eta konpromisoak hartzea da. Hala, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) dira programa honen protagonistak.
Iaz hasitako lanei jarraipena emanez, 2023-2024 ikasturtean Urola Kostako ikastetxeek 7. GJHren inguruan lan egingo dute, energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea lortzea bermatzeko.
Ikasturte honetan, 12 ikastetxek hartuko dute parte programan, eta guztira 4.800 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute Getaria, Zarautz, Zestoa eta Zumaiako udalerrietan.
3 R-ak ikastetxeetan
Hondakinak prebenitzearen eta eraginkortasunez kudeatzearen garrantzia ikusarazteko, Vermicanek eskualdeko hezkuntza komunitateari ekonomia zirkularrari buruzko tailerrak eskaini dizkio.
Tailer hauen bitartez, hondakinak sortzen dituen kontsumoa murrizteak, errefusatzen diren objektuak berrerabiltzeak eta sortzen ditugun hondakinak birziklatzeak duen garrantzia landuko da, ohitura berriei buruzko ideiak emanez eta haien garrantzia argudiatuz.
Eskolako konpostaje komunitarioa
Konpostajea soluzio zirkularra da frakzio organikoa tratatzeko. Gainera, gizartea dinamizatzeko tresna gisa erabil daiteke ere, helburu komun bat duen komunitate oso bat inplikatzen baitu. Hori dela eta, ikasturte honetan, Vermican ZiSare proiektuan ari da lanean, ikasleak frakzio organikoaren tokiko kudeaketa zer den ikasi eta prozesuan parte hartzeko.
Sentsibilizazio kanpaina
Ekintza horiek guztiak hondakinak murrizteko helburu orokor batean biltzeko, publizitate kanpaina bat diseinatu da Vermicanetik. Horrela, logo bat eta eslogan bat garatu dira, zaborra biltzeko kamioiak errotulatzeaz gain. Egindako ekintza guztiak udal elkartearen web orriaren eta sare sozialen bidez zabalduko dira.
Hori da Vermicanetik administrazio publikoentzat hondakinen sorkuntza prebenitzeko eta murrizteko egiten dugun sentsibilizazio kanpainen adibide bat. Kanpaina hauekin, Europako hiri hondakinen bereizketa indizeen helburuak lortzen laguntzen diegu udalerri eta eskualdeei.